Altzako Jolastokieta auzoan danborrada bat sortzeko ekimena Iñaki Etxeburuaren eskutik sortu zen. Jolastokieta Kultura, Jolas eta Kirol Zentroko presidente Miguel Ángel Díezek ere ekin zion lanari eta horrela, 1987ko urtarrilaren 20an desfilatu zuten lehen aldiz. Lehenengo urtean danborradako kide bakoitzak ordaindu zuen bere jantzia, eta alokatu egin ziren danborrak. 1988an beren danborrak erosi zituzten eta 1994-an, Ramón Labayenen aholkuz, danborrentzako uniformeak egin zituzten.