Bandera igotzeko ekitaldia
Bandera igotzea San Sebastian Egunerako programatutako lehenengo ekitaldia da. Urtarrilaren 20ko 00:00etan ematen zaio hasiera Konstituzio plazan, San Sebastian Martxarekin.
Ba gera! Gu ere bai!
Horrela hasten da gure Martxa eta honela jarraitzen du lehen konpasetan: “… Donostia bat bakarra munduan …”. Eta horrela gara, horrela sentitzen dugu, donostiarrak gara hemen eta munduko edozein txokotan. Eta are gehiago San Sebastian egunean; urrun gauden arren eta etxeratu ezin garen arren, gure sustraietara itzultzen gara eta Donostiarekin bat egiten gaituen emoziozko lotura hori gogoratzen dugu.
Donostiar asko dira bihotzez hemen, euren hirian, euren jendearekin egongo direnak, eta hemen zer gertatzen ari den arreta handiz jarraituko dutenak. Horregatik, eta danborren eta barrilen hotsek gure jatorria gogorarazten digutelako eta gure hiria munduan ezaguna izaten laguntzen dutelako, diasporan ere, Donostia ezagutzen ez dutenek gurekin eta gogo biziz ospatzen dute San Sebastian eguna. Ziur gaude Sarriegiren doinuak leku askotan entzungo direla eta, ziur gaude guztien artean, datozen urteetan munduko edozein lekutan bat-batean edo seriotasun handiagoarekin antolatzen diren danborrada horietan donostiar gehiago ikusiko ditugula gure patroiaren eguna ospatzen.
Gaztelubide
Antzina, elkarteek igotzen zuten bandera (askotan elkartearen beraren bandera) haien egoitza sozialetako bakoitzean, beren danborraden doinuei jarraituta; baina jasota dago 1924an garaiko hiriko udaletxeko mastan igo zela bandera, oraingo Konstituzio plazako eraikinean, eta udal enplegatuak igo zuen beste inolako zeremoniarik gabe.
1935ean Gaztelubideko Danborradak eta bere "fanfarrie"-k (sic) parte hartu zuten lehen aldiz bandera igotzeko ekitaldian Konstituzio plazan. Elkartetik 00:00ak jo baino 15 minutu lehenago irten ziren plazarantz, eta bertan alkateak, José María Paterninak, gorbata bat ipini zion Elkartearen estandarteari. Bandera igotzeko ekitaldian, alkatearekin batera, Unión Artesana, Euskal Billera, Donosti-Zarra eta Gaztelubide elkarteetako presidenteek parte hartzen zuten. Gerra Zibilaren ondoren, Gaztelubideko Danborradaren presentzia ohikoa egin zen bandera igotzeko ekitaldian.
1947an, urtarrilaren 20an lekualdatu zen Udaletxea bere oraingo tokira eta ondorengo urteetako banderaren igoera Alderdi Ederren egin zen, nahiz eta 50eko hamarkadaren hasieran berriro ekin zioten jatorrizko lekuan ekitaldia ospatzeari.
1999an, aldaketa nabarmen bat izan zen herritarren ordezkaritzan, festaren hasiera ofizialean: hiriko danborrada bakoitzeko ordezkari batek aukera du Gaztelubiderekin batera ospakizunean parte hartzeko. Emakumeen eta gizonen bereizi gabeko parte hartzea aurrerapauso erabakigarria izan zen emakumeen berdintasunezko parte hartzean hiriko festa nagusian.
Emakumearen parte-hartzea
Beste une gogoangarri bat 2006an izan zen: beste danborrada batzuetako taldeetan emakumeek eta gizonek parte hartzeaz gain, Gaztelubidek ere, Odón Elorza alkateak berariaz eskatuta, emakumeak gehitu zituen bere lerroetan. Gaztelubideko Danborradak aldeko 39 botorekin, abstentzio batekin eta kontrako 25 botorekin onetsi zuen urketariaren irudia gehitzea bere danborradan. San Sebastian egunera arte geratzen zen denbora laburra kontuan hartuta (urtarrilaren 11n onetsi zen), urte hartan bandera igotzeko ekitaldian eta Danborradan joko zuten urketariak Artzak Ortzeok Danborradakoak izan ziren (12 urketari).
2012an, bandera igotzeko ekitaldian, bertan parte hartu zuten urketari guztien (28 guztira) zuzendaritza emakume batek hartu zuen beregain: Ainhoa Olasagasti. Hurrengo urtean, bandera igotzeko ekitaldian parte hartu zuten pertsona guztiak zuzendu zituen, San Sebastian Martxaren unea “Mendi” Gaztelubideko Danbor Nagusiarekin partekatuz.
Aurten bandera igotzeko ekitaldian Gaztelubiderekin batera parte hartuko duten danborrada desberdinetako pertsonak 120 izango dira (65 gizon eta 55 emakume).