2016an, eta urtebetez ideia buruan zerabiltela, gazte batzuek, oso donostiarrak haiek, eta Jaione buru zela, aurrerapauso bat ematea eta Ur Tantta sortzea erabaki zuten. Txikitandik, Jaioneren ilusioa beti izan zen danborrada bat antolatzea, Antiguako kaleetatik ibiliko zena. Helduen danborradak behatzen ibiltzen zen, eta inondik inora ez zuen emakumerik ikusten danborra jotzen. Hala, hauxe agindu zion bere buruari: danborrada bat eratuko zuen, non emakumeek desfilatu ahal izango zuten traje napoleonikoekin jantzita eta danborra jotzen. Nahiz eta gutxi-gutxika gizartea aurrerapausoak ematen ari den gai horretan, Jaionek ez zuen inoiz ahaztuko bere buruari agindutakoa. Azkenik, 2017ko urtarrilean, Ur Tantta irten zen lehen aldiz. Hastapenak ez ziren errazak izan, oztopo ugari saihestu behar baitziren helburua erdiesteko. Jantziak egiteko garaia iritsi zenean, urketari jantzi bakoitza Jaionek berak egin zuen eskuz. Danborrarien txanoak, elkarteko aitzindari Amaiak, Iñigok eta Davidek apaindu zituzten, eskuz baita ere. Haien dedikazioari eta ahaleginari esker atera ahal izan zen aurrera danborrada. Lehenengo urtean 80 kide baino gehiago elkartu ziren danborrada berrian, eta danborrariek jantzi napoleonikoak eraman zituzten, zuri-urdinak, motibo granateekin. Danborrada sortzen hasi zenetik, sorburuko ideia beti izan zen danborrariek garaiko jantzi bereizgarriak eramatea. Zirrara handiko eguna izan zen hura, azkenean lortu egin baitzen pertsona askoren ametsa gauzatuta ikustea. Hurrengo urtean, Ur Tantta danborradak 100 parte hartzaile baino gehiago zituen, auzoan jende gehien erakartzen duten danborraden artean kokatzeraino, eta urte hartan bertan gehitu zen barril nagusiaren postua.