Peña Cultural La Gaviota elkartearen danborrada 1989an sortu zen, eta urte horretan bertan egin zuen bere lehen ibilbidea Gros auzoan, bertan baitu egoitza elkarteak. Danborrada urtarrilaren 20an irteten da, 17:00etan. Danborrada mistoa da, eta honako hauek dira osatzen dutenak: danbor nagusia, 6 fusilari, 40 danbor, 2 banderadun, barril nagusia, 4 kantinera, 6 gastadore, 23 urketari eta 57 barril. Guztira, 140 kide dira.
Beti prest egoten dira kultura-jardueretan laguntzeko, eta 1994. urtean, Groseko Galdaragileen Konpartsaren 10. urteurrena ospatzeko eta Donostiako inauterietako antzinako melodietan oinarritutako ikuskizun baten barruan, Raimundo Sarriegiren hiru pieza jo zituzten Txofre plazan. Piezak honako hauek izan ziren: “Herriko semeen erasoa”, “Oilarren zalditeriaren konpartsa” eta “Atsoen zalditeriaren konpartsa". Harrez geroztik, danborrada guztien errepertorioan txertatu ziren. 1999an, eta lan horri guztiari amaiera emateko, Groseko Galdaragileen Konpartsarekin grabatu zuten “Dira Dira” izeneko CDa. Inauterietan eszenaratu zen, 1999ko otsailaren 14an, Victoria Eugenia antzokian.