Itzuli kategoriara

Euzko Etxea Necochea Tamborrada

Noiztik 1990 / Tamborradas por el mundo
Irteera
ordua
00:00
Bukaera
ordua
00:00
Sare sozialetan partekatu
40
Parte-hartzaileak
20 Emakumeak 20 Gizonak

Euzko Etxea Necochea Tamborrada

Necochea-ko Euzko Etxea izeneko Euskal Etxea 1945. urtean zabaldu zen. 50eko hamarkadan jada hasi ziren Euskal Etxean San Sebastian jaiak ospatzen. Etenaldi baten ondoren, 1979. urteaz geroztik urtero ospatu dira gaur arte. 1990eko hamarkadaren amaiera aldera helduen danborrada egiten hasi ziren, eta urte batzuk beranduago, haur danborrada.

Danborrada Necochean urtean bitan egiten da. Urtarrilaren 20an, Hego hemisferioan uda betea denean, meza baten ondoren, hiriko gune turistikoan jotzen dute, danborrada inoiz ikusi ez dutenek ezagutu dezaten. Beranduago, urtarrileko azken asteburuan, 40 lagun inguruk danborrada berriro egiten dute, Necocheako Udaleko musika-bandaren laguntzarekin, 400 pertsona ingururen aurrean, festa baten barne. Horietako asko Argentinako hainbat Euskal Etxetatik hurbildutakoak, Euskal Herritik joandako lagun euskaldunak eta turistak dira.

Ospakizun horretarako, Donostiako antzinako Udaletxearen fatxadaren plantak egiten dituen egitura bat eta hainbat pintxo-postu (Ambrosio, Astelena, etab.) edo opari-postu (Alboka) ipintzen dira, Konstituzio plazaren itxura hartzeko.

Necocheako Euskal Etxearen historiaren une batzuk oso bereziak dira Donostiarekin duten loturagatik: une horietako bat da, Necochea hiriaren mendeurrena ospatzeko (1981), Donostiako Udaleko ordezkaritza bat —Jesus Maria Alkain alkatea eta alderdi politiko guztietako ordezkariak— bertara hurbildu zenean.

2000. urtean Gaztelubide Elkartearen bisita jaso zen. Elkarteak, Juan Mari Abad danbor nagusia bertan zela, Necocheako Euskal Astean danborrada jo zuen gurekin batera. Danbor-jolez jantzita, danborrada Donostiatik kanpo antzezten zuten lehen aldia zen.

2011. urtean, Gaztelubideko Juan Mari Abadek, Iñaki Almandozek eta Javier Madariagak Necocheako danborradarekin jo zuten Euskal Astean. Bertan, Argentina, Uruguay, Brasil eta Euskal Herritik hurbildutako 1.000 lagun inguru biltzen dira.

2012. urtean gure danborradarentzako bereizgarri bat (armarria) sortzea erabaki zen, Donostiako elkarte eta eskola guztietan ohitura den bezala. Horretarako, oinarri gisa aurreko urtetan jada erabili ziren soldaduaren eta sukaldariaren pertsonaiak hartu ziren, gure Euskal Etxearen armarriak duen formatuarekin. Armarriaren ezkerrean erramu-adarrak ipini ziren armarri argentinarraren modura, eta eskuinean haritzarenak, euskal sinbolo gisa. Atzealdea osatzeko Donostiako bandera erabili zen, eta behealdean motots bat Argentinako banderarekin eta Ikurrinarekin. Sukaldariak eskumuturretan eta zapian daraman kolore urdin argia Argentinaren kolorea dela eta soldaduaren gorria eta urdina jantzi argentinarraren ohiko koloreak direla adierazten da.

Uniformea

Helduen jantzia: txapela beltza, alkandora zuria zapi urdinarekin —Donostiako banderaren koloreak— eta galtza urdinak. Barrilentzako sukaldari-jantzi zuria eta zapi urdina. Haurren kasuan: feltro-jaka urdina xehetasun gorriekin. Urre koloreko xingolak eta botoiak. Galtza zuriak. Feltro beltzeko buru-babesa luma apaingarri zuriarekin. SUMA ikastetxearekin bat egin aurretik “Mariaren Bihotza” ikastetxeak erabiltzen zuen jantzi hori, eta eurek eman zizkiguten Gaztelubide elkartearen bitartekaritzari esker. Jantzi horiek Buenos Airesera heldu ziren José C Paz-eko Toki Eder Euskal Etxearen laguntzari esker, Oñatiko herriaren eta José C Paz-en senidetzearen testuinguruan. (Modu berean, Belen eta Jesusen Bihotza Mundaiz ikastetxeetako jantziak ere jaso ziren).

Uniformearen ikonoa

Bestelako aipamenak

  • Urtero, Euskal Etxeak pertsona bat aukeratzen du alkate gisa, bere bizitzan zehar Euskal Etxean egindako jarduerengatik eta ibilbideagatik. Pertsona horrek makila bat jasotzen du eta balkoian San Sebastian bandera igotzeaz arduratzen da, danborradak martxa jotzen duen bitartean.
X