8.249 neska-mutilek (iaz baino 203 gehiago) hirian barrena desfilatuko dute.
Alfonso Gurpegui Festetako zinegotziak esan duenez, “Haur Danborradan parte hartzeko ilusioa handitu egiten da urtetik urtera. Hala erakutsiko dute, aurten, urtarrilaren 18tik 20ra hiriko desfiletan parte hartuko duten neska-mutilek, iaz baino 203 gehiago izango dira eta. Guztira, 8.249 haur ibiliko dira gure kaleetan. Haietatik 5.088, urtarrilaren 20an aterako dira, 12:00etatik aurrera, karrozarekin batera. Iaz, pertsonaia berri bat ezagutu genuen, Alkatesa, eta, aurten, beste berri bat ere izango dugu: Notarioa. Aurten, 42 erakundetakoak diren 49 konpainiak parte hartuko dute, 2018an bezala.”
Alfonso Gurpeguik datu gehiago eman ditu 2019ko Haur Danborradaz: “Sukaldariaren figura gero eta gehiago sartzen ari da. Adibidez, Ikasbide ikastolak hamabi sukaldari izango ditu aurten, lehen aldiz, bere lerroetan. Orain arte, 29 konpainiak zuten figura hori. Bestalde, La Asuncion ikastetxearen konpainiak zortzi urketari izango ditu. Beraz, badira jada 25 konpainia pertsonaia hau dutenak beren lerroetan.”
Alfonso Gurpegui zinegotziak adierazi duenez, Antiguako Larramendi ikastetxeko Anne Vicente de la Fuenteri egokitu zaio Danbor Nagusia izateko ohorea. Jenerala eta Laguntzailea, berriz, Aieteko Jesuitinas ikastetxeko bi ikasle izango dira: Telmo Ramos Montero eta Maite Azurza Lizeaga, hurrenez hurren. Ikastetxe horretakoak dira, baita ere, karrozako pertsonaiak irudikatuko dituzten ikasleak: Akatesa, Notarioa, Easo Ederra eta bere bi dama, bi batelari, bi inude, artzain bat, herritar bat, irule bat, urketari bat, mandazain bat eta sei zaldizain.
Alfonso Gurpeguik Haur Danborradari buruzko beste kopuru batzuk ere eman ditu: “Urtarrilaren 20an, mutilak baino, neska gehiagok parte hartuko dute eguerdiko haur danborrada. Portzentajeetan, % 54 neskak izango dira eta % 46, mutilak. Danbor Nagusietan, gehixeago dira neskak, mutilak baino: egun, % 55 neskak dira eta % 45, mutilak. Danbor eta barriletan, portzentajeak ere oso antzekoak dira: danborra jotzen duten neskak % 51 dira eta mutilak, % 49; barrila jotzen dutenak, berriz erdiak eta erdiak.
Bestalde, urtero bezala, Haur Danborradako lehen ekitaldia konpainien eta pertsonaien aurkezpena izango da: urtarrilaren 18an, ostiralarekin, eguerdiko hamabietan, Victoria Eugenia antzokian. Urtarrilaren 19 eta 20an, festan parte hartzen duten konpainia guztietako kideez gain, Real Sociedadeko emakumezkoen futbol taldeko kideak eta “Nosotras también jugamos” (Emakumeok ere jokatzen dugu) ekimenaren partaideak ere izango dira gure artean. Eta ezin ditugu ahaztu Sun Magoa, Disney Channeleko “Houdini Klub”ean Houdiniren papera egiten duena, eta, jakina, ustekabean aurkeztuko ditugun gonbidatuak.