Handiagoa egiten dugu festa denon artean
Ugariak dira negualdian gure hirian ospatu ohi ditugun festak. San Tomas Feria tradizionalari jarraitzen diote Olentzeroren eta Mari Domingiren, eta Errege Magoen etorrerek, txikienen gozamen eta ilusiorako. Orain dela gutxi kaldereroen konpartsak eta Inude eta Artzainenak Donostiako auzo guztietako kaleetatik ibili dira eta, laster, Inauteria izango da hirian jaun eta jabe. Hala eta guztiz ere, donostiar guztion egutegian festa bat markatuta baldin badago, hori, inolako zalantzarik gabe, San Sebastian eguna da.
Aurtengo festa, parte hartze mailagatik izugarrizko arrakasta izateaz gain, web berri honekin iritsi zen gainera, non barruan hartu nahi izan genituen egun hori ospatzen duten danborrada guzti-guztiak. Zein lekutan ospatzen duten axola ez diola, hau da, gure hirian nahiz beste edozein lekutan, askotariko arrazoirengatik bizitzak hainbat eta hainbat donostiar eraman dituen leku horietan, alegia. Eta noiz ospatzen duten ere axola ez diola, hau da, urtarrilaren 20an bertan, tradizioak agindu bezala, edo gutxi gorabehera hurbil dauden egunetan, laneko bizitzak baldintzatuta. Baina beti argi duguna hau da, nola ospatzen den: danborren eta barrilen erredobleekin Sarriegiren martxen edo egun horri dagokion errepertorioko gainerako konposizioen doinuei jarraituta, zeinak, bide batez, entzuten jarraitu ditzakegun web honek duen multimedia sailean.
“Danborraden” web hau denboran irauteko bokazioarekin jaio da, baina dinamismoz betiere; urtetik urtera joritzen joango den web bat izan nahi du, baita egunetik egunera ere, orain dauden danborradek egindako ekarpenekin, kontuan izanik beren isla jasota ikusi nahi izango dutela etorkizunean, inolako zalantzarik gabe. Jende gehiagorengana iritsiko den web bat izatea lortu nahi du eta, horrexegatik, 2020ko ediziorako bere ingelesezko eta frantsesezko bertsioak izango dituela ziurtatu dezakegu. Gainera, gogoz jasoko dugu danborradek ekartzen diguten material grafiko berria, edota dagozkien fitxetan eguneratu egin beharko liratekeela uste duten datuak aldatzeko eskaerak ere. Azken batean, donostiar guztien parte hartzea eskatzen ari gara gure festaren weba are eta handiagoa izatea lortzeko. Zuen ekarpenen eta iradokizunen zain.
Gora Donostia!