Irurak Danborradaren historia 1987ko uda amaierako arratsalde sargoritsu batean hasten da, Irurak plazan dauden tabernetako terrazetan ‒Pinilla eta Irurak‒. Iraileko arratsalde hartan, Alfonso Aguayo, Javier Donamaria eta Javi Herranz eztabaidan ari ziren auzoan danborrada bat eratzeko aukerari buruz. Hasiera batean udako eroaldi bat zirudiena hezurmamitzen joan zen, eta hilabete batean osatuta zuten danborradaren egitura. Hura izan zen Irurak danborradaren sorrera. Danborrada ez dago inolako elkarte gastronomiko edo antzeko erakunderen menpe; hori baino, koadrila desberdinak batzetik sortua da, nahi berak bultzatuta: elkarrekin batera jotzea eta disfrutatzea. Guztion ahaleginarekin, hurrengo urtean (1988) lortu zen lehenengo aldiz desfilatzea.